Ondarearen Europako Jardunaldien 25. Edizioan, 6.500 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte Bizkaian, eta erreferentziazko kultura-hitzordu gisa finkatu dira lurraldean.
Programazioa askotarikoa izan da: 268 ekitaldi eskaini dira, 76 udalerritan. Lurraldetik hainbeste zabaltzea izan da posible 79 kultura-erakunderen, 54 udalen eta 27 museoren inplikazioari esker, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, eta horrek erakusten du lankidetza-sare sendoa dagoela.
Jatorriari dagokionez, nabarmentzekoa da bizkaitar gehienak ( % 58) beren udalerritik atera zirela jardueretan parte hartzeko, eta horrek islatzen du interes handia dutela beste herrietako ondarea ezagutzeko. Bestalde, % 37k bere udalerrian bertan egindako jarduerak aukeratu zituen, eta % 5 Bizkaitik kanpo etorri zen, zehatzago, EAEko beste lurralde eta Estatuko probintzietatik.
Esperientziaren balorazio orokorra bikaina izan da. Parte-hartzaileek 10etik 9,16ko batez besteko puntuazioa eman diete jarduerei, eta, jardunaldiei orokorrean, 10etik 9ko nota. Datu horiek agerian uzten dute poztasun-maila handia izan dela Bizkaiko ekitaldiaren programazioarekin eta antolaketarekin.
Adinari dagokionez, inkestatutako gehienak – % 58,9 – 60 urtetik gorakoak dira, eta, hurrengo ehunekorik altuena 27 eta 59 urte bitartekoena da – % 38 -. Gazteen parte-hartzea txikiagoa izan da: % 2,3k 18 eta 26 urte bitartean zuen, eta % 0,8 soilik izan zen 17 urtetik beherakoa.
Oro har, datuek oso ondo baloratutako ekitaldia erakusten dute, parte-hartze aktiboa eta askotarikoa izan duena, batez ere adinekoen artean. Jardunaldiek milaka pertsona mobilizatzeaz gain, tokiko ingurunetik haragoko ondarea ezagutzea sustatu dute.
Jardunaldiek ondare-komunitatea indartzen dute, eta belaunaldien arteko elkarrizketa eta ezagutza partekatua bultzatzen dute. Kultura-programa horren bidez, gizarte-kohesioa ere sustatzen da, kulturak eta ondare komunak pertsonak lotzen baitituzte. Herritarren inplikazio horrek, kultura-esperientzia aberasteaz gain, lankidetza-sarea sendotu eta lurraldeko gizarte-ehuna indartzen du.
