

Iturria: Irekia
Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak “txartzat” jo du berdelaren kanpaina, eta “positiboagotzat antxoaren harrapaketen batez besteko prezioa”
Asteburu honetan XIII. Antxua Eguna izango da Getarian, eta bertan izango dira Ixone Soroa, Emeterio Urresti, Miren Garmendia, Leandro Azkue eta Haritz Alberdi.
Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak adierazi duenez, berdelaren kanpainan, Estatuko 25.006.750 kiloko kuotatik 18.255.963 kilo harrapatu dira apirilaren amaierarako, kuotaren % 73 inguru, alegia. Antxoaren kasuan, Estatuko 28.610.515 kiloko kuotatik 8.565.011 kilo harrapatu dira apirilaren 30era arte Estatu mailan, hau da, Estatuko kuotaren % 30 inguru kontsumitu da. Euskadiri dagokionez, kosteraren erdian, Euskadiko lonjetan 3.073.611 kilo lehorreratu dira.
Leandro Azkuek XIII. Antxua Eguna dela-eta, asteburu honetan Getarian egingo diren ekitaldien aurkezpenean parte hartu du, eta bertan izan dira Ixone Soroa Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria, Emeterio Urresti Getariako Elkano Arrantzale Kofradiaren presidentea, Miren Garmendia, eta Haritz Alberdi Getariako alkatea ere.
Berdelaren kasuan, Estatu mailako harrapaketa guztietatik 9.230.000 kilo lehorreratu dira Euskadiko lonjetan, eta kiloko 2,10 euroko batez besteko prezioan atera dira enkantean. “Iaz lehorreratu ziren kopuruekin alderatuta (9.206.000 kilo) eta batez beste kiloko 1,34 euroan saldu zirela kontuan hartuta, ikusten da gure lonjetako lehorreratzeak mantendu egin direla, eta Estatu osoko harrapaketen % 50 inguru izan dira”.
“Euskal flotaren harrapaketei dagokienez, gogoratu behar da Estatu mailako berdelaren kuota flota-segmentu desberdinen artean banatuta dagoela –arrastea, inguraketa eta aparailu txikiko edo amuko arrantza–, eta arrantza-segmentu bakoitzaren barruaren ere, flota-segmentu batzuek, hala nola arrasteak eta inguraketak, kuota ontziko banatuta dutela, amudun aparailu txikien segmentuan ez bezala, kasu horretan kuota probintziakoa baita”, zehaztu du Azkuek.
Euskadiko ontziei esleitutako kuoten batura 7.539.258 kilokoa da, eta horietatik 492.798 kilo basea Ondarroan duen arrasteko flotari dagozkio, 3.227.640 kilo inguraketa-flotari eta 3.818.820 kilo Bizkaiko eta Gipuzkoako amudun aparailu txikien flotari.
Leandro Azkuek azaldu duenez, “Euskadiko flotak aurten, 2025ean, guztira 5.739.365 kilo harrapatu ditu, eta 2024an, aldiz, 5.856.207 kilo. Orokorrean jaitsiera txiki bat ikusten dugu, baina flota-mota bakoitzaren araberako harrapaketak oso irregularrak izan dira”.
“Alde batetik, arrasteko eta inguraketako segmentuen harrapaketak esanguratsuak izan dira, eta euren arrantza-aukerak agortu dituzte; baina amudun aparailu txikien flotaren, flotarik txikienaren kasuan, aurten 537.649 kilo harrapatu dituzte (arrantzatu dezaketenaren % 14), 2024an harrapatutako 1.134.464 kiloetatik oso urrun”, erantsi du Azkuek.
“Zenbaki globaletan, gure lonjetan lehorreratu diren berdelen kopurua ez da askorik aldatu iazkoarekin alderatuta”, nabarmendu du Arrantzako sailburuordeak. “Horren arrazoi nagusia izan da berdela gure kostaldetik gertu agertu izana, eta horrek kanpoko ontziak gure salmenta-lonjetara erakarri ditu euren harrapaketak lehorreratzera. Balio-katea, handizkariak eta arrain-merkaturatzaileak, bai eta xehekariak eta arraindegi txikiak ere, iaz bezala hornitu ahal izan dira berdelez, baina erauzketa-sektorearen eta, zehazki, artisau-flotaren eta tamaina txikikoaren erauzketa-sektore ahulagoaren kasuan, egindako harrapaketak ez dira izan oso positiboak”, deitoratu du Azkuek.