- Bermeoko arduradun politikoek eta udal langileek Euskaraldiarekin bat egiten dutela adierazteko familia argazkia egin da gaur, Euskaraldiaren lehenengo egunean.
- Udal langileak protagonista diren 3 bideo labur ere egin dira, sare sozialen bitartez zabalduko direnak.
Bermeoko Udalak oraingoan ere bat egin du Euskaraldiarekin, eta Gure Bihotzaren Taupadak abestiak dioen moduan, guk euskaldunok, elkarrekin mundua alda dezakegu, hitzez hitz. Euskara eginez eta pausoz pauso berreraiki behar dugu euskararen eta gure herriaren etorkizuna.
Udalak gogoratu gura du oraingo honetan, Euskaraldiaren helburu nagusia hizkuntza-ohituren inertziak astintzea eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak eman eta euskaraz bizitzeko aukerak eta neurriak sustatzea dela. Horrez gain, modu kolektibo eta sozial batean, tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta elkarlanean aritzea ahalbidetzen du Euskaraldiak, euskaraz bizitzea posible egingo duten neurriak eta espazioak sortuz.
Euskaraldiaren helburuarekin bat egiten du udalak eta orain arte egindako ibilbidean ikusten den bezala, aurrerantzean ere horretan ahaleginduko da Bermeoko Udala bere eragin eremuan eman ahal dituen urratsez baliatuz.
Horretarako, udalaren inplikazioaz gain, herritarren inplikazioa ere behar da. Euskaraldiak iraungo dituen 11 egunean ez ezik, aurrerantzean ere egun horietan hartutako indarrei eta dinamikei jarraipena emateko deia egiten dugu Bermeoko Udaletik, bai Belarriprest, zein Ahobizi moduan.