

Bizkaiko Foru Aldundiak kultura- eta gizarte-eragileak bildu ditu omentzeko ekitaldi batean, eta bertan programa enblematiko honek egindako ibilbidea eta inpaktua nabarmendu dira, Bizkaiko kultura-ondareari balioa eman dakion eta hura zabaldu dadin.
Jardunaldiek pertsonak erdigunean ipini dituzte eta demokrazia kulturalaren aldeko apustua egin dute
Bizkaiak Ondarearen Europako Jardunaldien etengabeko koordinazioaren 25. urteurrena ospatzen du gauden 2025 honetan. Kultura-programa hori euskal kulturaren arloko ondare-ekitaldi garrantzitsuenetako bat izatea lortu du. Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe Landajuela izan da jardunaldien buru Bizkaiko Foru Jauregian, eta harekin batera egon dira hasieratik parte hartu duten elkarte, entitate, udal, kultura-erakundeen ordezkari asko nahiz pertsona pribatuak.
Ekitaldian izan dira, halaber, Aintzane Eguilior, Ondareari buruzko Europako Jardunaldien Bizkaiko koordinatzailea, eta Daniil Khochabo, Europako Kontseiluko Demokraziarako Kultura eta Ondare Dibisioko burua (Head of Culture and Heritage for Democracy Division of the Council of Europe).
Ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, Jardunaldiek pertsonak erdigunean ipini dituzte eta demokrazia kulturalaren aldeko apustua egin dute; demokrazia kulturalean herritarrak ikusle ez ezeze, protagonista ere badira. Herritar horreek inplikatu egiten dira eta parte-hartze aktiboa daukie, eta kultura bizitzaren funtsezko parte gisa ikusten dabe.
Daniil Khochabok azpimarratu duenez, eskualde honek eta bertako biztanleek kultura-berrikuntzarekin, parte-hartze demokratikoarekin eta ingurumen-kontzientziazioarekin duten konpromisoak eredu bihurtzen du lurraldea, ez bakarrik Ondarearen Europako Jardunaldietarako, baizik eta ondareak Europa osoan bultzatutako berroneratzerako ere bai.
Ospakizunean, “25 urte kultura eraikitzen” argitalpena aurkeztu da. Argitalpen horrek jardunaldien bilakaera berrikusten du, protagonistetako batzuen testigantzen eta esperientzien bidez.
Edizio bakoitza pertsona askoren ahalegin kolektiboaren emaitza da; gaur egun, 200 eragilek baino gehiagok parte hartzen dute, eta, horrela, kultura-ondarea zabaltzeko, balioesteko eta kontserbatzeko konpromiso kolektibo eta zeharkakoa islatzen da.
Ondarearen Europako Jardunaldiek aukera ematen dute Bizkaiko ondarea eta historia sakon ezagutzeko eta bizitzeko. 25 urte hauetan zehar, ondarea balioesteko eta ikusarazteko proiektuak bultzatu dituen kultura-programa gisa finkatu dira, eta gainera, ordura arte ezezagunak ziren ondare-elementuak ezagutzera eman ditu. Batez ere, laguntza eman dute belaunaldi guztiak ondarea bere forma guztietan (materiala zein immateriala) ezagutzearen eta baloratzearen garrantziaz kontzientzia daitezen.
Jardunaldi horien funtsa da hainbat gizarte-sektore inplikatzea beren jardueren antolaketan, eta publikoaren interesa piztea ondare-jakintzarekiko.
Gainera, jardunaldiok ondarea babesteko, ikertzeko, zabaltzeko eta kontserbatzeko ekimenak sortzea sustatu dute, eta kezka komun bat partekatzen duten eragile askoren arteko interakzioa sustatu dute: ondare-balioak zaintzea eta zabaltzea.
Urria heltzearekin batera, urtero, programa horrek lurraldeko ondarearen inguruko 200 kultura-jarduera baino gehiago biltzen ditu, eta publiko guztiei zuzendutako kultura-ekitaldi nagusi bihurtu da. Gure nortasuna ezagutzeko, interpretatzeko, ulertzeko eta zabaltzeko funtsezko gunetzat hartzen da, eta ondarearen ezagutzan eta kontserbazioan arreta jartzen duten zenbait gai nahiz ikuspegi lantzen ditu.
Jardunaldiotan asmatu egin da gizarteari protagonismoa ematen, eta ondaretik hurbilen dauden pertsonen konplizitatea eta inplikazioa bilatzen. Inplikazio horrek mobilizazio eta parte-hartze komunitarioa sustatu du pertsonen, elkarteen eta erakundeen bitartez, benetako ondare-komunitatea eratu dadin. Hala, jardunaldiek sare sozialak sorrarazi dituzte kulturaren bidez, eta horri esker, gizarte-kohesioa eta komunitate barruko zein kanpoko harremanak indartu egin dira, auzotik eta elkartzetik hasita, eskualde eta erakundera arte.
Edizio bakoitzerako gai desberdin bat proposatu izan denez, ondarearen ezagutzan sakondu ahal izan da hainbat ikuspegitatik: tipologiak, testuinguru historikoak, sortzaileen pentsamoldea eta ondarea kontserbatzearen garrantzia. Hautaketa tematiko horrek ondarearen kontzeptuaren beraren eta hura osatzen duten elementuen bilakaera islatu du. Orain ohikoak diren kontzeptuak, hala nola ondare immateriala, paisaia, lurraldea eta ondare-komunitateak, ezezagunak ziren duela 25 urte. Denboran zehar, Europako hitzarmenen gidalerroak txertatu egin dira pixkanaka, ondarearen inguruko alderdi sozialak azpimarratuz, alderdi material hutsak direnen aurre-aurrean.
Ibilbide horren barruan, adibide nabarmena izan zen ondarea genero-ikuspegitik interpretatzeko lehen liburu zuriaren argitalpena ekarri zuen edizioa. Bizkaiko Foru Aldundia buru duen ekimen aitzindaria izan zen, eta Europa mailan aintzatetsia kulturaren eta sormenaren eremuko genero-berdintasunari buruzko txostenetan.