Foruko Udalak atzo, urriaren 29an, eguaztena, egindako osoko bilkuran 2026ko ekitaldirako ordenantza fiskalak onartu dauz, udal zerga eta tasa guztiak izoztuta mantentzeko erabakiagaz. EAJren gobernu taldeak aurkeztutako proposamena aurrera atera zan, EH Bilduk zergak igotzea proposatu eban arren.
“Zergak ez igotzeko erabakia udal kontuen sendotasunari eta ,herritarren gaineko karga fiskala handitu barik, kalidadezko zerbitzuak emoten jarraitzeko aukera emoten deuskun kudeaketa ekonomiko arduratsuari esker da. Gure Udalaren egoera ekonomikoa oso ona da eta horri esker herritarren gaineko presino fiskala arintzea posible dogu. Udalaren kontuak osasuntsu dagoz, eta horrek aukera emoten deusku geure herritarren ongizatearen alde egiten jarraitzeko, zergak igo behar barik. Horregaitik, gure gobernu-taldearen proposamena izan da ordenantza fiskalen tarifa orokorra izoztea 2026rako. Zabor-bilketarako zergan % 10eko igoera baino ez dogu aplikauko, Europako araudia apurka-apurka betetzeko. Izan be, araudi horrek eskatzen deusku zaborren tasak zerbitzuak balio dauena estaltzea “, azaldu dau Foruko alkate Mikel Magunazelaiak.
Atzo, eguaztena, urriaren 29an egindako Foruko Udalbatzan 2026rako ordenantza fiskalak onartu ziran. Tasak izozteko Gobernu Taldeak (EAJ) egindako proposamenak herritarren familia-ekonomia erraztearen aldeko apustua egiten dau. Helburu beragaz, Hiri Lur Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga (gainbalioa) arautzen dauen Ordenantzan aplikatu beharreko hobariak be onartu ziran. Hala, %100eko hobaria sortu da herentzia bidez etxebizitza bat hartu daben oinordeko zuzenentzat (seme-alaba edo senar-emazte) beti be, etxebizitza hori lehen bizilekua edo ohiko bizilekua bada. Neurri hori, kaltetutako familientzat lasaitasun ekonomikoa izateaz gain, pizgarria be bada hurrengo belaunaldiek Forun bizitzen jarraitzea aukera daiezan, bai eta biztanleriari eusten laguntzeko modua be.
Bestalde, EH Bilduk proposatu eban zergei KPIaren pareko igoera aplikatzea, Udalaren diru-bilketa-ahalmena bermatzeko eta etorkizunean zerbitzuak mantentzeko. Azkenean, bozketan abstenitzea erabaki eben.
EAJko gobernu taldeak, bere aldetik, azpimarratu eban aurrekontuen egonkortasunak eta udal baliabideen kudeaketa onak posible egiten dabela presino fiskala ez areagotzea, eta, aldi berean, herriko proiektu eta zerbitzuetan inbertitzea bermatzen dala.
2026rako adostu dan igoera bakarra zabor-bilketaren eta hiri-hondakinen kudeaketaren tasari dagokio. Udalerri gehienek egiten daben bezala, tasa horren igoera Europako araudia betetzeko betebeharrera egokitzen da; izan be, araudi horrek ezartzen dau zaborren zerbitzuaren kostua erabiltzaileak hartu behar dauela bere gain. Ildo horretan, igoera handiagoa proposatzen eban oposizinoaren abstentzioa gorabehera, gobernu-taldeak proposatutako % 10eko igoera onartu zan, hau da, eurotan 10€ko igoera urtean etxebizitza bakoitzeko 2026an.
Horrela, udalerriko egonkortasun ekonomikoa islatuz, Foruk aldaketa bako ordenantza fiskalekin hasiko dau hurrengo ekitaldia.
Udalbatzan bertan onartu zan alkateak soldata bako udal-eginkizunak betetzeko erabakia hartzea, eta, beraz, urritik aurrera gainerako zinegotzien baldintza berak izango dauz.
