Foru-dekretuaren zirriborroan jasotakoaren arabera, batez beste % 3,5eko igoera ezarriko da, eta horrek esan gura dau, diruari dagokionez, autoek eta motorrek bi zentimo gehiago ordainduko dabela AP-8 autobidean Bilbo eta Amorebieta artean, batez beste lau zentimo gehiago Supersur saihesbidean eta bost zentimo gehiago Artxandako tuneletan
Proposamenak batez beste % 3,5eko igoera ezartzea proposatzen dau Interbiak sozietateak kudeatzen dauzen aldundiaren titulartasuneko hiru autobideetan: AP-8an, Galdakao-LHren muga tartean; AP-8an, MHS Bilbo-Santurtzi tartean eta Artxandako tuneletan. Igoera bardin ezarriko jake ibilgailu guztiei, arinei zein astunei.
Horreek horrela, esate baterako, AP-8 autobidean Bilbotik Amorebietara joateko 0,02 euro gehiago ordaindu beharko dabe autoek eta motorrek, 0,07 euro gehiago furgonetek eta 0,09 gehiago kamioiek. Supersur edo Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidean, bestalde, batez beste 0,04 euro gehiago ordaindu beharko da tarte bakoitzeko, egindako ibilbidearen arabera; eta Artxandako tuneletatik igarotzeko, 0,05 euro gehiago ordaindu beharko da.
Horrez gain, eta Europako gidalerroekaz bat etorriz, salgaiak garraiatzeko ibilgailu astunek foru sarea erabiltzeagaitik ordaindu behar daben kanona be eguneratuko da. Bost tartetan ezarri ahal izango da: AP-8an, Basurtutik El Hayaraino; N-240 errepidean, Urgoititik Ubideko saihesbideraino; N-636 errepidean, Gipuzkoarekiko mugatik Durangoraino; N-637 errepidean, Gurutzetatik Erletxetaraino; eta BI-625 errepidean, Laudiotik Basauriraino. 2026rako aurreikusi dan batez besteko eguneratze orokorra % 3,5ekoa da, baina tarte jakin batzuetan igoera txikiagoa izan daiteke.
Gainera, dekretu barriak 0 tarifak kentzea jasotzen dau. Tarifa horreek gauez dagoz indarrean Supersurren, Artxandako tuneletan eta AP-8ko Iurreta-Abadiño tartean. Neurri horren helburua da trafikoa arintzea eta sarbideetan ibilgailurik ez pilatzea ordu-tarteen aldaketetan. Durangaldeko tartean, behin-behineko tarifei eutsi jake Gerediaga eta Elorrio arteko tartea zerbitzuan jarri arte.
Deskontu gehiago gutxiago kutsatzen daben ibilgailu astunentzat
Foru-azpiegituren tarifak datorren urterako eguneratzeak dakarren barrikuntza nagusia da hobari handiagoak aplikatuko jakezela isuri gutxiagoko ibilgailu astunei. CO2 isurien modulazinoari buruzko Europako araudi barriaren arabera, herrialde edo lurralde eskudunek neurri egokiak jarri behar dabez titulartasun publikoko autobideetan, gutxiago kutsatzen daben ibilgailuak erabiltzeari bidea emoteko.
Ildo horretan, Aldundia, Bizkaiko ordainpeko errepideen kudeatzailea dan aldetik, deskontu gehigarriak ezartzeko azken izapideak egiten ari da, eta foru-errepideetan dabiltzan ibilgailu astunentzat dagoeneko ezarrita dagozenei gehituko jakez. Isurien arabera kategoriak ezarriko dira, eta hobariak % 5, % 15, % 30 edo % 50erainokoak izango dira.
Beherapen horreek OBEgaz ordaindutako igarotze bakoitzeko ezarriko dira, eta hilabetea igarota likidatuko. Aurreikuspenen arabera, sistema 2026aren bigarren seihilekoan jarriko da indarrean. Deskontuak ez dira baztertzaileak, eta ibilgailua eraginkorra dala egiaztatzeko, dagokion eskaera egin eta agiriak aurkeztu behar dira.
