Bermeoko Udalak aho batez onartu dau Osoko Bilkuran, 6 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeen gizarte ongizatea sustatzeko estimulazino eta esku-hartze goiztiarren tratamenduen gastuak ordaintzeko dirulaguntzen oinarriak 18 urtera arte zabaltzea.
Gizarte Ongizateko zinegotzi Endika Etxebarria Telleriak osoko bilkuran aipatu dauenez, nerabezaroa personen garapen fisiko, emozional eta sozialeko funtsezko etapa bat da: “Urte hauetan, gazteek aldaketa sakonak bizi izaten dabez, eta horreek eragin zuzena izaten dabe haien identidadean, autoestimuan eta ingurunearekiko harremanetan. Horregaitik, helduarorako trantsizino aro honetan be, laguntza terapeutikoa ezinbestekoa da, bereziki desgaitasun fisiko edo mentalen bat daukeen edo mendekotasun-egoeran dagozen adingabeentzat”.
Etxebarriak gogorarazi dau, behar izatekotan, 0 eta 6 urte bitarteko haurrek arreta goiztiarreko laguntzak jasotzen dabezela, eta, orain arte, Bermeoko Udalak 6 eta 14 urte bitartean daukozen umeen familiak laguntzeko dirulaguntzak bideratzen ebazala. 18 urtetik gorako personek, barriz, beste laguntza batzuk eskatzeko aukera izaten dabe. Aldiz, 14 eta 18 urte bitarteko gazteen familientzako laguntzarik ez dagoela aipatu dau: “Gaur egungo osasun-sistema gainkargatuta dagoenez, familiek bere gain hartu behar izaten dabez terapia pribaduen kostuak, eta horrek ahalegin handia suposatzen dau dagoeneko gainezka dagozen familientzat”.
Hortaz, dirulaguntzen oinarrien aldaketa honegaz, laguntza ekonomikoa 18 urtera arte luzatuko da, nerabezaroaren etapa osoan sostengua bermatuz eta osasun-sistemaren gainkarga arintzen lagunduz. Udalak Amatea Elkarteagaz egindako bileretan jasotako gomendioak kontuan hartu dauz, eta nabarmendu dau terapia jasotzeak gazteen garapen integrala sustatzen dauela, eta, baita be, helduaroan sor daitekezen arazo konplexuagoak prebenitzeko balioko dauela, esaterako nahasmendu emozionalak, aisialdi arazoak edo gizartean txertatzeko zailtasunak.
Gizarte Ongizateko zinegotziak, gainera, udal gobernuaren kezka be aipatu dau: “Aspaldion, danon ahotan dabil osasuna eta ongizate mentala, baina gure eskualdean dagozen zerbitzu publikoak urriak dira. Jakin badakigu, adin txikikoen kasuan, Galdakaoko Haurren Psikiatriako Gunean dagoela eskualde honi dagokion terapia publikoa emoteko zentro hurbilena. Udaletik, guraso alkarteekaz batera, egoera honi aurre egiteko politikak lantzen gabiltza, eta hortik dator dirulaguntza hauen oinarri aldaketa be. Gure kezken barri emon asmoz, ekainean Osasun Sailagaz bilera eskatu gendun, eurekaz batera egoera landu ahal izateko, baina oraindik ez dogu erantzunik jaso”.
Udalak adierazi dau, herritarren ongizatea bermatzeko politikak, ekimenak eta programak lantzeko apustua egiten jarraituko dauela, “gizarte osasuntsuago eta justuago baten bidean, eta herritar guztiek baliabide bardinak izan daiezen”.
