Bizkaiko Foru Aldundiak gaur inaugurau dau euskal nortasunaren parte dan txakolinaren historiari, kulturari eta esanahiari buruzko lehenengo erakusketa, baita katalogoa be.
Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dauen Txakolin Museoak jendearentzat zabalduko dau «Txakolin, izen propioa duen euskal ardoa» erakusketa. Txakolinaren historiari eta hura lantzen daben eskuei egindako gorazarrea da; izan be, txakolina historia duen ardoa da, izaeraduna, eta gure lurrean sustrai sakonak daukoz. Erakusketaren eta honen katalogoaren aurkezpenean izan dira Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua, Aixa Gaztelu Txakolin Museoko zuzendaria eta Juanjo Hidalgo historialari, arkeologo eta erakusketaren komisarioa.
Txakolin Museoak antolatzen dauen lehenengo erakusketa da, eta mugarria da, EAEko mahastizaintza- eta ardogintza-ondarearen eta hark kulturan duen garrantziaren ikerketan, hedapenean eta balioa emoteko lanean.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak nabarmendu dauenez, «”Txakolin, izen propioa duen euskal ardoa” erakusketa gure kultura-ondarea aitortzeko pausu bat da. Aldundian benetan uste dogu gure herentzia babestu, zaindu eta haren barri zabaltzea funtsezkoa dala geure nortasunari eusteko. Txakolina ez da edari bat bakarrik; hainbat mendetako tradizinoa batzen dauen gure historiaren adierazpen bizia da». Gainera, Arrizabalagak azpimarratu dauenez, «Proiektu honen bidez, Txakolinaren Museoa erreferente gisa sendotu da txakolinaren historia eta kultura ezagutzeko eta ikertzeko».
