“Busturian geure gaur egungo eta etorkizuneko bizilagunen segurtasunak eta ongizateak kezkatzen gaitu. Horregaitik, gure auzoen bideragarritasuna hobetzeko inbertitzen dogu. San Kristobal auzoko eta errotonda barriko hirigintza-hobekuntzek trafiko bareagoa eta ikuspen ta segurtasun handiagoa emoten dabe Altamirako eta San Kristobaleko sarbideetan. Orain, bide horren jarraitutasunari ekingo deutsagu, konektibitdadea hobetuten dauen adar barri bategaz. Era berean, eskerrak emun gura deutseguz Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, obra hauen finantziazinoa batera egingo dogulako, guztion onerako udalagaz koordinatzeko izan dabeen jarrera onagaitik eta alkar ulertzeagaitik“, azaldu dau Busturiko alkate Aitor Aretxagak.
Azken udalbatzak, urriaren 29an, San Kristobaleko errotondea eta Altamirako bidea lotzeko adarra eraikitzeko obrak egiteko kontratazino espedientea eta klausula administratiboen agiria onartu dauz.
Jarduketa Altamira auzora sartzeko bidetik abiatuko dan eta San Kristobaleko errotondagaz lotuko dan bide barri bat izango da. Dagoen bidea asfaltauko da Altamirako herriguneraino. Bi-3215 errepidearekiko bidekurutzea kenduko da. Horrela, ibilgailuak errotondatik bakarrik sartuko dira Altamirara. Altamirako sarbidearen aldaketa horren ondorioz, ibilgailuak Naútica Busturia enpresara sartu ahal izateko bide barria sortuko da.
Finantziazino partekatua
Lan horreen lizitazino-prezioa 1.484.593,78 €-koa da. Obren finantzaketan Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP) parte hartzen dabe. Errotonda egin eta gero, Foru-erakundeak beharrezkotzat eta komenigarritzat jotzen dau adar hori egitea BI-3215 errepidearekiko bidekurutzea kentzeko. Bidekurutze horrek ikuspen- eta geometria-estandar oso eskasak daukoz Busturiko auzorik jendetsuenerako sarrreran, eta, gainera, udalerriko zerbitzu nagusiak dagoz bertan, eskola barne; horregaitik, beste auzo batzuetako bizilagun asko egunero hemendik pasatzen dabe. Halanda be, adar barriagaz, ibilgailuak errotondearen bidez bakarrik sartuko dira Altamirara, eta oinezkoentzako ibilbidea hobetuko da ondoko eremuetan.
Etenbako arrisku-egoera horrek premiazkoa egiten dau adar barria eraikitzea, eta horregaitik Busturiko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmena.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren parte-hartzeari dagokionez, Busturiko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dau erakundeagaz. Akordioa baliagarria izango da eremua barriz be obrekaz ez eragiteko, etorkizunean, izan be, BBUPk epe ertainean San Kristobal auzoko saneamendu- eta hornidura-lanak egiteko asmoa dauko.
Proposamenak aurkezteko interesa daukeen enpresek telematikoki egin daikee, azaroaren 25era arte, Busturiko Udalak bere web atarian prestautako Kontratatzailearen Profilean.
Lanak egiteko epea 7 hilabetekoa izango da.
