- “Hradištko. Txikoria belarrak loratzen ez zirenean” erakusketaren inaugurazino ekitaldian, Busturiko alkate Aitor Aretxagagaz batera honakoak izan dira: Busturiko udal-zinegotziak; Ziortza Olano, Kanpoan den Euskal Komunidadearentzako zuzendaria; Lucie Hašková, Hradištkoko alkateordea eta erakusketaren egilekidea; eta Unai Eguia eta Anton Gandarias (Anjel Lekuonaren loba), Busturiko Memoria Historikoaren Ikerketa Batzordeko eta Busturia-Hradištko Senidetze Batzordeko kideak.
- 2022an Busturiak Stolperstein bat (estropezuaren harria) jarri eban Altamira auzoan (Busturia) eta 2024an totem bat Anjel Lekuona busturitarraren omenez. Bi horreen erreplikak erakusketaren parte dira.
Busturiko Udala etorkizuna eraikitzeko lanean ari da, herritarren ongizatearen alde, eta horren barruan sartzen da memoria birgaitzea, “Busturia Gogoan. Memoriaren Lekuko ” ikerketa historikoaren ekimenaren bitartez. Testuinguru honetan kokatzen da Madrilgo Euskal Etxean inaugurau dan “Hradištko. Txikoria belarrak loratzen ez zirenean ” izeneko erakusketa. Erakusketa Busturiko Udalak sustatua dago Gogora Institutuagaz (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua) eta Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko Idazkaritza Nagusiagaz lankidetzan.
Erakusketak Hradischko, Txekiar Errepublikako Hradištko herriko kontzentrazino eta sarraski eremuan, bizi izan ziranen irudiak eta testigantzak batzen dauz. Memoria historikoko adituek eta bi herrialdeetako biktimen senideek parte hartu dabe proiektuan.
“Oso pozgarria da Busturirako Madrilgo Euskal Etxean geure memoria historikoaren kapitulu hau aurkeztea. Euskal Etxera iritsi bezain laster, etxean bezala sentitzen gara. Memoria personen, familien eta herrien identidadearen parte da; funtsezkoa da nor garen ulertzeko eta gure bidea, gure etorkizun personala eta kolektiboa eraikitzeko.
Busturin etorkizunari ilusinoz eta proiektu sendoz begiratzen deutsagu, eta gure herritarrek bide hori egiteko daukeen energia nabarmendu gura dot: bide baketsua, emonkorra eta aberasgarria izan daiten lan egiten dogu, funtsezko hiru baliotan oinarritua: egia, alkartasuna eta etenbako esfortzua.
Testuinguru horretan sortu zan “Busturia Gogoan. Memoriaren Lekuko “ekimena, historiarekiko, erreparazinoarekiko eta egiarekiko dogun konpromisoa indartzen dauena. Herri askok bezala, Busturik be jasan dauz gerrako bidebakokeriak. Erakusketa honetan Anjel Lekuona Busturitarraren oroimenak batzen gaitu. Batzuek oroitzapenetik ezabatu gura izan eben, baina ez da inoiz ahaztuko”, nabarmendu eban Aitor Aretxaga Busturiko alkateak.
Inaugurazino ekitaldian Ziortza Olanok, Kanpoan den Euskal Komunidadearentzako zuzendariak honakoa adierazi eban: “…- Proiektu hau auzolanen garatu da. Alkartu eta partida alkarregaz jokatzen dogunean gauza harrigarriak egiten doguz. Memoria historikoa garrantzitsua da eta pertsonen duintasuna berreskuratzea are gehiago. Proiektu hau horregaz dago lotuta. Euskadi Globala horregaz dago lotuta. Euskadi Globala mundu mailan alkartu eta partida jokatzean datza. Oroimena berreskuratzea, oraina egin eta sortzea, eta etorkizuna eraikitzea da. Eskerrak emon gura deutsedaz Aitor Aretxagari, Busturitik bultzatu dabeen proiektuagaitik, Lucie Haskovári, egin dauen lanagaitik, eta zuok guztioi, gaur etxe honetan danok hemen egoteagaitik. Euskal Etxeak euskaldunon etxeak dira, baina euskaldunon etxeez aparte, Euskal Herria, Euskadi, ta Euskal Kultura maite dabeen etxea be bai dira. Askotarikoak gara, baina aniztasunaren besarkadatzea gauza ederra da eta horrela eraikitzen dogu”.
Gogora Institutuak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, proiektua babestu dau: “Honelako ekimenek gorrotoak, sektarismoak, xenofobiak eta zentzubakokeriak aurrez aurre jarritako kontinente bateko gertakari ilunenak bizi izan ebezenek gogoan izaten laguntzen deuskue. Gogoratzea oroimen demokratikoko ariketa bat da, haiei zor deutsegu, erregimen frankistaren gorroto errebantxistak nazionalidadea ukatu eutsezan milaka aberribakoei, sarraski-makinaria batera bota ebezenei. Euren oroitzapenagaz, era berean, demokraziaren, aniztasunaren, diferentziarako eskubidearen eta Giza Eskubideen balioen defentsan sinisten dauen eta militantea dan Europa batu bat aldarrikatzen dogu ”
Anton Gandariasek, Anjel Lekuonaren lobak, bere osabagaz gertatutakoa aurkitzera eraman eban ikerketaren nondik norakoak gogoratu dauz, “gertaera handiak lortu doguz. Horreen artean, 2021eko udan, nire osabaren eta beste deportatu batzuen errautsak Pragako Strasnice errausketa-labean dagozela jakin gendun, errausketa-labeko administratzaile Frantisek Suchhy jaunaren ausardiari esker. Berak, nazien aginduei jaramonik egin barik, eta bere bizitza eta familiarena arriskuan jarriz, errautsak kutxatila zenbakidunetan ezkutatu ebezan“.
Bestalde, Lucie Haškovak, Hradištkoko alkateorde eta erakusketaren egilekideak, honako hau nabarmendu eban: “Hradištkoren historiarekiko interesak nire etxearen aurrean egoan konzentrazino-esparruaren iragana ikertzera eraman ninduan. Hasieran gatxa izan zan, azken lekuko zuzenak desagertzen ari ziralako. Horregaitik, 2010ean informazino-panel bat jarri neban eta monumentu txiki bat eraiki gendun oroimena bizirik mantentzeko.
Bizirik atera ziranen eta auzokoen testigantzak jaso nebazan: 1942an espetxeratutako gizon bat, presoei ezkutuan laguntzen eutsezan beste bat, lekualdatutako familia bat, etxea suntsitua izan eban emakume bat eta preso frantses bategaz lotura afektiboa izan eban beste bat. Deportatu frantsesek idatzitako liburuak be funtsezkoak izan ziran, kontzentrazino-esparruaren baldintza gogorrak kontatzen dabez eta.
Biktimen senideekaz harremanetan jartzea funtsezkoa izan da. Edmond Poulet ezagutu neban, adibidez, bizirik irauten lagundu eutsoezenak gogoratzeko 92 urtegaz bueltau zana. “
Anjel Lekuona erreferente eta alkargune zala, Busturiko Udalak Txekiar Errepublikako Hradištko herriagaz Senidetze Ituna sinatu eban. Itun hori bi udalerrien artean sortutako adiskidetasun- eta anaitasun-loturetan oinarritzen da, bai eta alkarri bestearen historia ezagutzearen garrantzian be, Bigarren Mundu Gerran bi udalerrietako biztanleen destinoak oso lotuta egon ziran eta.
Busturia eta Txekiako Hradištko udalerriaren erakusketa bateratua, “Hradištko. Txikoria belarrak loratzen ez zirenean “erakusketak balio historiko handiko kontakizun eta argazki multzo bat batzen dau. Panelek presoen oroimenari eta kontzentrazino-esparruko bizimoduaren gogortasunari balioa emoten deutsee, eta Busturiko kaleetan bertan jarritako elementuen erreplikekaz laguntzen dabe. Busturia eta Hradištko arteko senidetzearen seinaleagaz hasten da erakusketa, udalerriaren sarreran kokatuta dagoena. Elementu nagusienetako bat Altamira auzoko totemaren erreplika da, Anjel Lekuona busturitarraren memoriari eskainia. Totem horri lotuta, erakusketan Stolperstein-aren (estropezuaren harria) erliebezko erreplika dago, 2022an Busturin Lekuonaren omenez jarri zana. Stolperstein edo estropezuaren lehen harria da, Euskadin jarria, Anjel Lekuona busturitarraren izena eta jaiotza- eta heriotza-data jasotzen dauzen baldosa oroigarria.
Stolpersteine proiektua Gunter Demnig artista alemaniarraren lana da. Kolonian hasi zan, hirian ijitoak nazien eremuetara deportatzeari uko egin eutsoenean. Ondoren, nazionalsozialismoaren biktimen omenez egin ebazan (juduak, homosexualak, preso politikoak, Nazioarteko Brigadetako kideak…), 1933 eta 1945 urteen artean. Gaur egun, 75.000 stolpersteine baino gehiago dagoz 20 herrialde baino gehiagotan.
Erakusketa osatzeko, Hradištko kontzentrazino-esparruan bizi eta jasan eben deportatu euskaldun eta espainiarrei eskainitako totema dago. Bertan, Anjel Lekuonak eta bera bezala fusilau ebezen beste sei presok jarraitutako ibilbidea zehazten da. Preso horreen errautsak Strašnizeko hilerri zibilean dagoz, Pragako biktimen memoriala dagoen lekuan.
Erakusketa azaroaren 28ra arte egongo da zabalik Madrilgo Euskal Etxean (Jovellanos, 3). Sarrera librea da.
