Bermeo tuna World Capitalek bultzatuta, foro barriak administrazinoak (Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia), Bermeoko Nautika Eskola eta enpresak batzen dauz, euskal atunontziaren sektorearen lehiakortasuna eta iraunkortasuna indartzeko
Bermeo Tuna World Capital-ek (Bermeo Tuna) Bizkaiko Atunontzi Sektoreko Barrikuntzarako Prestakuntza Mahai honen sorrera bultzatu dau, arrantzan, sustapen ekonomikoan eta prestakuntzan eskumena daukeen administrazino publikoetako ordezkariak (Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia), nazioarteko uren erauzketa-sektorea eta Bermeoko Nautika Eskolako ordezkarien arteko lankidetzarako gune gisa. Mahaiaren helburua da sektorearen joerak aztertzea, epe ertain eta luzerako erronkak diagnostikatzea eta euskal atunontzien ekosistemaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna indartzeko lehentasunezko ekintza-ildoak zehaztea. Ekosistema horrek Bermeon dauko nodo nagusia.
Mahaia eratzeko batzarra urriaren 23an egin zan, eta horretan parte hartzen daben eragile guztiek atunontzi izoztaileen itsas-arrantzako prestakuntza hobetzeko, belaunaldien arteko erreleboari aurre egiteko eta sektorearen barrikuntza eta ospea indartzeko daukeen borondatea egiaztatzeko balio izan eban, Bermeo Tunak eragile egituratzaile gisa koordinatuta.
“Atun-sektoreak etorkizunean beharko dabezen prestakuntza-eredua eta gaitasunak birpentsatzeko aukera baten aurrean gagoz. Eragile guztien inplikazinoa funtsezkoa da bide-orri partekatu eta iraunkor bat eraikitzeko “, nabarmendu eban Ixone Soroak, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak.
Era berean, Leandro Azkuek, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako sailburuordeak, honako hau nabarmendu eban: “Mahai honek aukera emongo dau administrazinoaren, enpresen eta prestakuntza-zentroen arteko ahaleginak lerrokatzeko, atunontzi izozkailuaren etorkizuna markatuko daben arau- eta teknologia-aldaketei aurrea hartzeko“.
Cristina Múgicak nabarmendu ebanez, “Bizkaiko Foru Aldunditik atunaren balio-kateari eta ekonomia urdinari lotutako prestakuntza, barrikuntza eta garapen industriala bultzatzeko aukera ikusten dogu mahai honetan. Haien gaitasunak indartzeak kostaldeko eskualdeak dinamizatzen laguntzen dau, esaterako Busturialdea Urdaibai, eta Bizkaiak lehiakortasunean eta kalidadezko enpleguan aurrera egiten jarraitzea “.
“Erronka ez da gazteak erakartzea soilik, baizik eta erakustea altuera handiko atun-arrantzak aukera emoten dauela profil teknologiko eta internazionalak daukozen, ondo ordaindutako eta etorkizuna daukeen karrera profesionalak garatzeko. Sektorea zabala behar da eta bere erakargarritasunak erakutsi“, adierazi eban Anertz Muniategi ANABACeko gerenteak.
Prestakuntza-edukiak eguneratzeko beharrari dagokionez, Borja Alonsok, Albacora enpresako Iraunkortasun eta Komunikazino zuzendariak, programak eguneratzeko eta irakaskuntza egungo beharrizan operatiboetara hurbiltzeko beharra nabarmendu eban.
Bestalde, Bermeoko Nautika Eskolako administratzaileak, Luis Fernándezek adierazi eban bere lana prestakuntza modernoa eta sektoreagaz konektatua eskaintzea dala, baina araudi malguagoa behar dala flotak eskatzen dauzen profil profesional barrietara egokitzeko.
Parte-hartzaileek oso positibotzat eta garrantzitsutzat jo dabe ekimena, sektorearen iraunkortasunaren etorkizuna bultzatzeko.
“Bermeo arrantzaren eta hegaluzearen eta hegalaburraren eraldaketa iraunkorraren zerbitzura dagoen prestakuntza- eta barrikuntza-zentro espezializatu bihurtzea estrategikoa da, tokiko sustraiak daukozen baina eragin globalako industrian liderrak izaten jarraitzeko. Gainera, horrelako ekimenek baxurako arrantzaren sektorea mantentzen eta jendea erakartzen be lagundu daikee, kritikoa baita tokiko hornikuntza-katearentzat eta Bermeoko itsas nortasuna babesteko “, adierazi eban Maitane Leizaola Bermeo Tuna World Capitaleko zuzendari nagusiak.
Mahaia lan-foro egonkor moduan sortu zan eta atunaren balio-katea ordezkatzen daben hamabost agente batzen dauz, administrazioak, enpresa armadoreak eta prestakuntza-zentroak barne.
Prozesuak aurrera jarraituko du, eta datozen hilabeteetan beste bi lan-saio egingo dira. Saio horreetan, erronka estrategikoak, ekintza-lehentasunak eta mahaiaren gobernantza-eredua zehaztuko dira, euskal atun-sektorearen lidergoa eta jasangarritasun globalari egiten deutson ekarpena indartzeko.
Bermeo Tuna World Capitalek koordinatzaile eta erakundeen topagune moduan jardungo dau, eta mahaiaren ondorioak eta proposamenak hezkuntza-, prestakuntza- eta arrantza-gaietan eskumena daukeen erakundeetara bideratuko dauz.
