- Alkateak itsasora jaurtitako teilak ‘Bermeotik Gazara’ mezua zeukan Palestinako banderarekin batera
- Gaur tradizioa, jaia eta gizatasunez betetako aldarrikapenak uztartzen ari dira
Bermeo bere egunik esanguratsuenetako bat ospatzen ari da gaur: Madalen Eguna. Egun honek izaera berezia du herriarentzat eta herritarrentzat, eta, ohitura eta protokoloari jarraituz, Izaroko irla izan da protagonista nagusia.
Aurtengoan, ordea, teilaren jaurtiketa ohiko ekintza huts bat baino gehiago izan da. Bermeoko alkateak, Nadia Nemeh Shomalyk, itsasora bota duen teilak Bermeotik Gazara mezua zeraman, Palestinako banderarekin batera, herri palestinarraren aldeko elkartasun-keinu gisa. Antzinatik egiten ohi denez, Izaro parean gelditu eta itsasora teila bota du. Ohi legez, ‘Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak’ esaldia erabili du Bermeoren mugak sinbolikoki adierazteko, baina, aurten, aldi berean, sufrimenduaren eta injustiziaren aurkako oihua zabaldu du mundura.
“Gaur, itsasoaren bihotzetik, isiltasuna apurtu gura dugu. Gaurko teilak mezu sinboliko bat daroa, olatuak gurutzatzea eta sufrimendua arintzea helburu duena. Aurten gure Madalenatako teilaren bitartez, Palestinaraino heldu gura dugu. Munduak aldarrikatzen duen bake gogoarekin bat egin gura dugu. Palestinan bizi diren pertsonei adierazi gura diegu, sinesten dugula euren lurra Palestina dela, euren izaeraren zatia dela, euren nortasuna euren herrian, eta libre eraiki behar dela”, adierazi du alkateak itsasoratu aurretik.
Palestinarekin daukan lotura aipatu du alkateak, baina gaurko keinua lotura horretatik kanpo dagoen ekintza bat dela nabarmendu du: “Bai Euskal Herriak eta bai Bermeok ere, erakutsi dute askatasunaren eta bakearen alde daudela. Horregatik, gaur alkate modura teila botako badut ere, nire eskuetatik teilak irteten duen momentuan, herritarron hegoekin joango dela bake eta askatasun mezua Palestinaraino!”.