Herriko ohitura eta kulturaren sustapenean sakondu asmoz, Bermeoko Udalak Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzeko jarduera bereziak antolatu dauz aurton. Liburutegia eta Frantziskotarren klaustroa aukeratu dira jardueretarako; liburutegian, tailerrak eskainiko dira, eta Frantziskotarren klaustroan, barriz, Euskal Herriko ohitura zaharretan oinarritutako Ohiturak mikroantzerkiaz gozatzeko aukera izango dogu. Horrez gain, azaroaren 2rako (domeka) gazteei zuzendutako irteera antolatu da Bilboko Ilusioen Museora.
Umeen liburutegiak haur eta gazteen topagune barria izan gura dau, horreek kultura eta dibersinoa eskura izan daiezan. Horrela, aurton Gau Beltza edo Arimen Gaua antolatu da. Hartara, urriaren 27tik 31ra bitartean, umeen Liburutegia mozorrotu egingo da, misterio eta dibersino giroan. Horrez gain, Gau Beltzerako, hau da, urriaren 31rako, bi ekintza berezi antolatu dira:
- Mozorro tailerra: Beldurrezko makillajeak egin eta egiten ikasiko dituzte. Tailer hau 9 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta bihartik aurrera eman daiteke izena liburutegian. Plaza kopurua murriztua da.
- Ihes Gela: 9 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ihes gela formatuko esperientzia bat antolatu da, taldeka egiteko. Lau saio egingo dira, eta taldeak 4-6 pertsonakoak izango dira. Izen-ematea liburutegian bertan egingo da bihartik aurrera. Talde askok izena emanez gero, zozketa egingo da. Plazak parte-hartzaileei urriaren 30ean jakinaraziko zaizkie.
Gainera, Gau Beltzean ohikoa den Ziri edo Sari ekintzak umeentzako tarte beldurgarria eta gozokiak jasotzeko aukera eskainiko dau liburutegian bertan, arratsaldean zehar.
Beste alde batetik, azaroaren 2rako, domekarako, Bilboko Ilusioen Museorako irteera antolatu da Udazken Gaztearen baitan. Irteera 10 eta 14 urte bitarteko gazteei antolatuta dago, eta 17:00etatik 21:00etara izango da; autobusez joango dira Bermeotik monitoreekin.
Herriko ohitura zaharrak berreskuratzeko asmoz dator, Ohiturak mikroantzerkia. urriaren 31n eta azaroaren 1ean, 18:00etatik 21:30era, eskainiko dira saioak ordu erdiro.
- Sarrera: 4 €; egunean bertan, sarreran erosi ahal izango da.
- Aktoreak: Zigor Bilbao, Itxass, Triz, Iñigo Cano eta Agor Guena.
- Gidoia eta zuzendaritza: Maria Dondiz Luzarraga.
Halloween Metal Fest
Spookypheria Productions alkarteak be ez deutso hutsik egingo urteroko hitzorduari. Hala, azaroan 8rako, zapaturako, antolatu dabe Halloween Metal Fest jaialdia. Ohi legez, Bermeoko Kafe Antzokia aukeratu dute jaialdia egiteko eta hurrengo taldeek parte hartuko dabe: Vita Imana, Killus, Kruddö eta Kudai.
20:00etan zabalduko dabez ateak. Sarrerak aurretiaz erosi daitekez 18 eurotan Bermeon (Luman) eta Bilbon (Gothic-Zone), eta www.bermeokokafeantzokia.com/tiketak webgunean. Egunean bertan be salgai egongo dira leihatilan, 20 eurotan.
