Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin, 160 metro koadroko erabilera anitzeko lokala berreskuratu da.
Bermeoko Udalak erabilerarik gabe dauden eraikinak berreskuratzeko konpromisoa berresten du, herritarren beharretara egokitutako espazioak sortuz.
Bermeoko Udalak Mataderozarra lokala berritu du, eta herritarren eskura jarriko du. Mataderozarra Askatasun Bideko, 23. zenbakian kokatuta dago, Zarragoitxirako sarreran, hain zuzen ere. Urte luzez egoera txarrean egon ondoren, espazio hau erabilera anitzeko gune bihurtu da, herritarren topagune eta hainbat jardueratarako baliabide gisa, Zarragoitxi auzorako baliabide bat berreskuratuz. Ekimen honekin, Udalak beste pauso bat eman du erabilerarik gabe dauden udal-eraikinak herriaren zerbitzura jartzeko bidean.
Lokala berreskuratzeko lanak 2022-2024 Inbertsio Estrategikoen Planaren Hiri Berroneratzeko Proiektuen baitan burutu dira, enplegurako prestakuntza, orientazioa eta laguntza sustatzeko programaren bidez. PIIE (Esku-hartze Estrategiko Integralerako Proiektua) izeneko ekimenaren barruan kokatzen da, eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin egin da, Ekonomia, Lana eta Enplegu Sailaren eta Etxebizitza eta Hiri Agendaren Sailaren lankidetzarekin.
Mataderozarra izena ez da ausaz hautatu, izan ere, gaur egun lokala kokatzen den lekuan udal hiltegia zegoen garai batean, eta izen hori jartzearekin Udalak herriaren memoria historikoa zaintzeko konpromisoa berresten du.