

Euskal Herria Museoak eta Gernikako Bakearen Museoak Gerra Zibilean Euskal Herriko umeek bizi izan eben erbestealdiari buruzko erakusketa bat zabaldu dabe aldi berean. Erakusketaren oinarria da, 1936ko gerran, Amerikara, Belgikara, Kataluniara, Frantziara, Britainia Handira eta SESBera ebakuatu ziran Euskal Herriko 34.000 umek baino gehiagok egin eben bidaia, bai eta memoria hori hurrengo belaunaldiei transmititzea be.
Orratz-begia. Gerrako umeak / El ojo de la aguja. Gerrako Haurrak aldi baterako erakusketa da, eta aldi berean erakutsiko da Gernikako Bakearen Museoan eta Euskal Herria Museoan. Espainiako Gerra Zibilean atzerrira eraman ebezen Euskal Herriko 34.000 umek baino gehiagok bizitakoaren memoria berreskuratu eta ikusarazten dau erakusketak, eta esperientzia hori belaunaldiz belaunaldi zelan transmitidu (edo isildu) dan erakusten dau be.
Belaunaldien artean partekatutako memoria
Erakusketa 2025eko urritik 2026ko otsailera bitartean egongo da zabalik, eta Arrasaten, Southamptonen eta Gernikako Euskal Herria Museoan 2023. eta 2025. urteen bitartean egindako tailerretan bildutako ahozko lekukotzak, dokumentuak, argazkiak eta objektuak daukoz. Tailer horreetan, erbestea zuzenean bizi izan eben personak eta haien ondorengoek parte hartu eben, eta memoria kolektiboa eta erreparazio sinbolikoa landu ebezen.
Erakusketa bi museoek antolatu dabe, Intxorta 1937 Kultur Elkartearen, Birminghamgo unibertsitatearen y BCA’1937 UK-Euskadi elkartearen laguntzagaz, eta Euskal Herriko umeen erbestealdia aztertzen dau, hartu ebezen herrialdeen —Amerika, Belgika, Katalunia, Frantzia, Britainia Handia eta SESB— arabera banatuta, eta XX. mendeko migrazio-mugimendu behartuekaz lotzen dau. Horrela, Gernikako Bakearen Museoak Belgikara, Britainia Handira, SESBera eta Txilera erbesteratutakoen bizipenak hartuko dauz, eta Euskal Herria Museoak, barriz, Frantzian, Katalunian eta Amerikan izandakoenak.
Alicia García Berguaren, Ana Arregiren eta Joseba Sarrionaindiaren olerkien bidez eta Judith Martínez Estradaren, Cecilia Zabaletaren eta Joxerra Melgizoren lan artistikoaren bidez, familia-oroitzapenak ondare bizi bihurtzen dauz erakusketak, eta iragana eta oraina interpelatzen dauz.