

Egun eguzkitsu gehiago izan diranez (47 eguzki-egun, hau da, 2024an baino 15 gehiago), nabarmen igo da hondartzetara joan direnen kopurua; guztira, 2,6 milioi bisitari bertaratu dira. Segurtasuna da, barriro be, erabiltzaileek ondoen baloratzen daben alderdia, 9,25eko puntuazinoagaz; garraiobide jasangarrien erabilerak be gora egin dau, batez be bizikletaren erabilerak; izan be, bikoiztu egin da aurreko udaren aldean. Gainera, lagundutako bainuaren zerbitzuak parte-hartzaileen kopuruaren errekorra izan dau, % 23ko igoera izan dau eta 2024agaz alderatuta.
Bizkaiko hondartzen denboraldia datu onekaz zarratu da, Foru Aldundiaren urteko inkestaren arabera. Inkesta horrek 10en gaineko 8,45eko batez besteko balorazinoa emoten deutse hareatzei. Nota horrek zertxobait gainditzen dau aurreko urtekoa (8,36), eta goranzko joera erakusten dau zerbitzuaren kalidadearen nahiz erabiltzaileen esperientziaren perzepzinoari dagokionez.
Eguzki-egun gehiago eta bisitari gehiago
Aurtengo udan, Bizkaian 47 egun eguzkitsu izan dira, hau da, 2024an baino 15 egun gehiago (32 egun eguzkitsu).
Klima hobeak lurraldeko hondartzetara jende gehiago hurbiltzea eragin dau, zehazki, 2.598.016 pertsonak bisitatu dabez hondartzak;
Uraren baldintzak eta banderen erabilera
Uraren batez besteko tenperatura 21,46 ° C izan da, hau da, 0,8 gradu igo da iazko batez bestekoagaz alderatuta (20,6 ° C). Banderen kudeaketari dagokionez, Arriatera-Atxabiribil hondartza izan da bandera gorri gehien erakutsi dauzena (84 egunetan).
Ondoen baloratutako hondartzak eta zerbitzuak
Erabiltzaileek ondoen baloratutako hondartza Karraspio izan da (9,86ko nota bikaina), ondoren Arrigorri (9,78) eta Isuntza (9,51). Erabiltzaileek, orobat, puntuazino altua eman deutsee hareatzen garbiketa- eta ingurumen-konserbazinoko zerbitzuari, 8,82 puntukaz azken 5 urteetako nota onena. Zerbitzu hori gehien baloratu dan hondartzak Karraspio eta Areeta (9,78), Arrigorri (9,53) eta Isuntza (9,49) dira.
Segurtasuna: ondoen baloratutako alderdia
Segurtasuna da, oraindik be, erabiltzaileek gehien azpimarratzen daben alderdietako bat. 2025ean, puntuazinoa 9,25 izan da, eta hala berretsi da Bizkaiko hareatzak espazio segurutzat hartzen direla. Aurton be, Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntzarako Zerbitzuak jaso dau nota altuena: 9,94.
Garraio-azturen aldaketa
Hondartzetara joateko garraiobide gisa autoa gero eta gutxiago erabiltzen dala da azterlanetik ondorioztatzen dan beste datu garrantzitsu bat. 2025ean, inkesta egin jakenen % 44,9k aukeratu dabe bitarteko hori; 2024an eta 2023an, barriz,, % 45,4k, eta, % 48,4k, hurrenez hurren.
Bestalde, Bizkaiko hondartzak aukeratzeko arrazoi nagusien artean, hurbiltasuna (% 34,4) eta lagunen eta/edo senideen presentzia nabarmendu behar dira hareatzetara joateko pizgarri gisa.
Hondakinen bilketa
Denboraldi honetako lau hilabeteetan, hondartzak garbitzeko zerbitzuak 665.780 kilo hondakin batu dauz, eta haietatik gehienak (495.360 kilo) itsasaldiek itsasertzean utzitako hondakinak izan dira. Beste 118.560 kilo, berriz, erabiltzaileek paperontzi berdeetan itxi dabezen hondakinak izan dira, eta, azkenik 51.860 kilo, hareatzetako sarreretan jarritako paperontzi horietan jaso direnak.
Aurten nabarmendu behar da aurreko urteagaz alderatuta % 10 igo dala bildutako ontzien kopurua; aitzitik, paperontzi berdeetan bildutakoak behera egin dau, eta horrek agerian ixten dau erabiltzaileek konzientziazino handiagoa daukeela jatorrian bereizteko/sailkatzeko orduan (Horia da/Ez da horia kanpaina).
Sorospen-zerbitzuaren laguntza
Denboraldi honetan, Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntzarako Zerbitzua emon dauen lantaldea 154 ur-soroslek osatu dabe, bai eta koordinazino-lanak egin dabezen beste 15 personak be.
Ohi bezala, Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntzarako Zerbitzuko taldeak artatutako kasu gehienak zauriekaz lotuta egon dira (1.206), eta, ondoren, erorikoekaz (464) eta sabiroi-ziztadekaz (225). 2023az geroztik, medusaren ziztaden kopuruak behera egin dau, 85etik 36ra. Baina karabela portugesaren ziztadekaz lotutako asistentzien kopuruak gora egin dau: iaz, 29, aurten, 92.
Gainera, 2024agaz alderatuta, areagotu egin dira sorospeneko langileek itsasoan egindako erreskateak: 172 erreskate egin ziran 2024an, eta 256, barriz, denboraldi honetan. Haietatik, 50 nekeagaitik izan dira, 198 ur-korronteengaitik eta 8 beste arrazoi batzuengaitik.
Errekorra lagundutako bainu-zerbitzuaren erabileran
Lagundutako bainu-zerbitzuari dagokionez, denboraldi honetan barriro gainditu da iazko errekorra: 4.436 pertsonak erabili dabe; 2024an baino % 23 gehiago.