Bizkaiko Foru Aldundiak Baso-suteak Prebenitzeko, Zaintzeko eta Itzaltzeko 2026rako Urteko Plana onetsi du, eta lurraldea baso-kudeaketaren eta prebentzioaren arloan erreferente bihurtu duen eredua indartu du. Bizkaiak, berriz ere, urte osoan jardunean izango den dispositibo profesional eta egonkor baten alde eta sua dagoenean erantzutean baino gehiago suari aurrea hartzean oinarritutako estrategia baten alde egin du.
Bizkaiak 158.026 hektareako baso-azalera dauka (% 75 jabetza pribatukoa) eta Europako populazio-dentsitate altuenetakoa (528 biztanle km koadroko), eta baso-eremuak dauzka hiri-inguruneetatik hurbil. Berezitasun horrek plangintza, etengabeko inbertsioa eta prebentzio-kultura eskatzen ditu.
Azken urteotan, Bizkaian baso-sute gutxi eta gutxieneko intentzionalitatea erregistratu dira. Karrantzako udalerria da urtean bost sute baino gehiago izaten dituen bakarra, eta batez ere udaberri aurreko garaian larreak birsortzeko erreketak izaten dira.
Berehalako erantzuna eta prebentzio-lana
2026rako dispositibo operatiboa iraunkorra da eta langile publikoekin soilik egituratzen da, bai funtzionarioekin, bai Basalan sozietate publikokoekin, eta horrek egonkortasuna eta berehalako erantzuna bermatzen ditu urteko 365 egunetan. Honako hauek osatuko dute: seina pertsonako 15 zaintaldek, zaintzako 5 ekipo mugikorrek, 10 basoko ponpa-autok eta 15 teknikari espezialistak; eta aldundiaren 8 suhiltzaile-etxeen laguntza ere izango du. Dispositiboaren koordinazioa Bizkaia Prest zentroan zentralizatuko da.
Eredu hori, gainera, INFOBI sisteman oinarritzen da (Bizkaiko Baso-suteetarako Larrialdi Plana). Sistema horren barruan daude Baso Zerbitzuko teknikariak eta baso-agenteak, BFAko suhiltzaileak eta Basalaneko adituak. Haien baterako lana funtsezkoa izan da azken urteotan, azkar eta eraginkortasunez erantzuteko, kale handiagorik ez gertatzeko baita arrisku handiko egoeretan ere, eta lurraldearen jarduteko gaitasuna sendotzeko.
Prebentzio-lana izango da planaren funtsezko beste ardatz bat. Urtean zehar, ohikoa den bezala, basoen kudeaketa aktiboko jarduerak egingo dira: belar-sastrakak garbitzea, inausketak eta bakanketak basoberritze gazteetan, bai eta larre- eta artzaintza-eremuak hobetzeko lanak ere, eta 200 kilometro baso-pista eraikitzea eta mantentzea, bitarteko propioen bidez. Jarduketa horiek milioi bat euroko aurrekontua dute mendi publikoetarako, eta horren osagarri dira baso-jabe pribatuentzako laguntzak. Hamarkadetan zehar iraun duen kudeaketa horri esker, lurraldean ez da suebakirik edo putzu artifizialik sortu behar, mosaiko-itxurako paisaiak eta baso-irisgarritasunak suebaki natural gisa jarduten baitute.
Suaren erregulazioa
Planean jaso dira suaren erabilera egunero erregulatzea, arrisku-indizearen arabera; murrizketa automatikoak egitea alerta laranja edo gorria deklaratzen denean; eta zaintza berezia egitea hegoaldeko haizea 25 km/h-tik gorakoa den egunetan edo bero-boladak daudenean, arriskua handitzen baita halakoetan. Gainera, zaintza indartuko da, eta jarduerak eta zirkulazioa mugatu ahal izango dira baso-pistetan, baldintza meteorologikoak direla-eta hala egin behar bada.
Azkenik, Bizkaiak gizarte-sentsibilizazioa indartuko du, udal, ikastetxe eta herritarrentzako informazio-kanpainen bidez, landa- eta baso-inguruneetan suaren erabilera arduratsuaren kultura sustatzeko.
