Abenduaren 4an, Busturian, Madariaga Dorrean, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuaren egoitzan, Turismo Jasangarriaren Foro Iraunkorraren bilera ospatu da. Turismoarekin lotura duten 11 enpresa eta erakunde publikok hartu zuten parte topaketan; besteak beste, Basquetourrek, udal ordezkariek eta lurraldeko hainbat elkartek.
Foro Iraunkorra da TJEGren 2025–2029 Ekintza Plana behar bezala garatzea bermatzen duen lan-eremua. Bertan, aurrerapenak partekatu, beharrak identifikatu eta turismo-sektorearen nahiz eskualdeko udalen eta elkarteen ekarpenak jasotzen dira. Aldizkako topaketa honek funtsezko eginkizuna du kudeaketa turistiko parte-hartzailea, gardena eta lurraldearen lehentasunekin lerrokatua sendotzeko, inplikatutako pertsonei eta erakundeei aurreikusitako ekintzei buruzko ikuspegi argia eskainiz eta turismo iraunkorragoa lortzeko bidean elkarlana erraztuz.
Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna, EUROPARC Federazioak sustatua, Urdaibain Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak (Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren mendekoa) eta Urremendi Landa Garapeneko Elkarteak koordinatzen dute. Bi erakunde horiek dira gobernantza-prozesuaren arduradun nagusiak, eta enpresa zein entitate egiaztatuen laguntza teknikoa eskaintzen dute. Urdaibaik duela gutxi berritu du 2025–2029 aldirako akreditazioa, eta Euskadin bereizgarri hori duen gune bakarra da.
