- Udalak 6.000 euro bideratuko ditu euskara ikasteko, unibertsitate ikastaroak euskaraz egiteko eta gidabaimena euskaraz ateratzeko
- Herritarren artean hizkuntza-gaitasuna eta euskararen erabileraren normalizazioa bultzatzeko laguntzak
Gernika-Lumoko Udalak laguntza-deialdi berria argitaratu du 2024-2025 ikasturterako, udalerrian erroldatuta dauden pertsonei zuzenduta, euskara ikastea, unibertsitateko uda-ikasketak euskaraz egitea eta gidabaimena euskarazko azterketen bidez lortzea laguntzeko. Deialdi honetarako diru-kopurua 6.000 eurokoa da, eta eskaria hasierako kreditua baino handiagoa bada, 2026ko aurrekontuaren kargura handitzeko aukera dago.
Neurria Euskara Sustatzeko 2023-2027 Ekintza Planaren barruan sartzen da, eta helburua da erroldatutako pertsona guztiek euskaraz komunikatzeko duten eskubidea bermatzea, bai eta hizkuntza horren erabilera gizarte-eremu guztietan normalizatzeko bidean aurrera egitea ere.
Hiru laguntza-lerro eta baremo, errentaren eta mailaren arabera
Diru-laguntzak hiru modalitatetan banatzen dira: HABEk homologatutako euskalduntze- edo alfabetatze-ikastaroak, euskal unibertsitateek euskara hutsean antolatutako udako ikastaroak, eta hizkuntza horretan egindako gidabaimen-azterketak.
Eskatzaile bakoitzak 500 euro jaso ahal izango ditu ikastaro bakoitzeko, urtean 800 euroko mugarekin. Matrikulagatik ematen den laguntza ordaindutako zenbatekoaren % 40ra artekoa da, ikastaroaren mailaren eta familia-unitateko kide bakoitzeko urteko diru-sarreren arabera. Horrez gain, % 35eko laguntza eskatu ahal izango da, gutxienez % 70eko asistentzia egiaztatzen bada. Langabezian dauden edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonek ikastaroaren erabateko doakotasuna eskuratu ahal izango dute, ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
https://www.gernika-lumo.eus/eu-ES/Albisteak/Orriak/20250714-ayudas-curso-2024-2025.aspx