Klima-aldaketak sortutako arriskuetako batek bero-boladak areagotzeak giza-osasunean sortu ditzakeen kalteekin zerikusia du. Izan ere, klima-aldaketaren ondorioz bero-boladen maiztasuna, intentsitatea eta iraupena handitzea aurreikusten da. Arazo horren aurrean, bero-boladetara egokitzeko eta herritarrak babesteko neurriak hartzea ezinbestekoa da, klima-aldaketak hiri-azpiegituretan eta herritarren osasunean izan ditzakeen kalteei aurre egiteko. Hori dela eta, Gernika- Lumoko Udalak babesleku klimatikoen sarea osatzeko lanei ekin die. Proiektu honi esker, udalerriko kanpoaldeko zein barnealdeko gune freskoak identifikatuko dira, bero handiko egunetan herritarrentzat eskuragarri egongo direnak. Gune horiek konfort termikoa eskaintzeko gaitasuna izango dute, uda garaian zabalik egongo dira eta doakoak eta irisgarriak izango dira herritar ororentzat: gune berdeak, parkeak, udal-eraikinak, museoak, etab. izango dira babesleku klimatikoak.
Espazio horiek herritar ororentzako eskuragarri egongo diren arren, proiektu honek bereziki pertsona zaurgarrienak babestea du helburu: pertsona helduak, arnas-gaixotasunak dituztenak, gaixotasun kardiobaskularrak dituztenak, 4 urtetik beherako haurrak, haurdun dauden emakumeak, etab. Babesleku klimatikoak bero-boladetara egokitzeko prebentziorako tresna egokia izan arren, ezinbestekoa da, halere, bero-boladen eta muturreko tenperaturen iragarpenaren aurrean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioak kontuan hartzea: Deshidratazioa saihestu, berotik babestu, pertsona zaurgarriak zaindu eta larrialdi kasuan, 112 zenbakira deitu.
Udalak babeslekuen sarea herritarrekin elkarlanean diseinatzeko parte-hartze prozesu bati ekin dio. Irailean antolatu zen lehen saio batean babeslekuen sarearen proposamena aurkeztu zen eta orain, azaroan zehar udalerriko eragile ezberdinekin kontrastatu nahi da, beraien iritzi eta proposamenak jasotzeko eta, bide batez, klima aldaketak dakartzan arriskuen aurrean egokitzeko premiaz ohartarazi eta sentsibilizatzeko.
Hauek dira antolatu diren saioak:
- Azaroak 4, 11etan, Jubilatuen Etxean jubilatuekin.
- Azaroak 4, 12:30etan, Elai-Alai txikian, Kultur-Kirol eta Osasun eragileekin
- Azaroak 12, 17:00etan, San Luziako eskolan, Lurgorriko auzo elkarteko kideekin.
Saio guztiak irekiak izango dira edozein bizilagunek parte-hartzeko aukera izan dezan. Guztiak izango zarete ongi-etorriak.
Ekimen honek “Klima-aldaketa apaltzeko eta hartara egokitzeko Gernika-Lumoko Plan Integratua”n du jatorria (ekintza-plan honen 6.1.3 ekintzarekin harreman zuzena du: “Aterpe klimatikoen sare bat ezartzea” eta 6.1.2 ekintzaren garapenean ere lagun dezake: “Hiriko berdeguneen azalera handitzea eta naturalizatzea”). Bestetik, URBAN KLIMA 2050 proiektuaren baitan kokatzen da. Urban Klima 2050 proiektua Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoak zuzentzen du eta bertan parte hartzen duten 20 entitateak klima-aldaketara egokitzeko egitasmoak aurrera eramaten ari dira. Ekintza klimatikoa oinarri duten 40 proiektu dira orotara Urban Klima 2050en bidez Europar Batasunaren finantzazioa jasoko dutenak.
