Kortezubiko Udalak, udal bideak apurka-apurka hobetzeko bere konpromisoaren esparruan, Santa Ana auzoko Markopollo bidea eta Gallibiker bidea hobetzeari ekingo deutso. Helburua da bide horreen konserbazinoa hobetzea eta herriko bideetan kalidadezko irisgarritasuna bermatzea.
- Proiektua 169.218,50 euroan esleitu da, eta gauzatzeko epea hiru hilabetekoa da.
Kortezubiko Udalak udal-bideak apurka-apurka hobetzeko konpromisoan aurrera egiten dau, eta inbentario labur bat egin ondoren, Santa Ana auzoko Markopollo eta Gallibiker bideak konpontzeko lanei ekingo deutse. “Gure bizilagunen segurtasunak kezkatzen gaitu, eta baserrietara eta auzoetarako sarbideak lehentasunezkoak dira guretzat. Horregaitik, udalerriko bide horreen egoera aztertu dogu, jardun ahal izateko. Santa Ana auzoan hasiko gara, baina geure asmoa herri osoan hobekuntza eta konserbazino lan horreei jarraipena emotea da. Herritarrei pazientzia izateko eskatzen deutsegu, lanek irauten daben bitartean inguruko trafikoa moztuko dalako. Denbora ahalik eta laburrena izaten saiatuko gara “, azaldu dau Karmele Embeita Kortezubiko alkateak.
Legegintzaldi honetako helburuen barruan, konserbazino-egoera okerrenean egozen udalerriko landa-bideetan konponketa-lanak egiteko beharra aurreikusi zan, eta, denboraren poderioz, zoladuran eta hainbat puntutan ur-bilketan gabeziak daukozen eremuetan jarduten hasiko da.
Markopollo bidean, Abarsolo bidegurutzeraino doan zatian jardungo da. 450 metro luze eta 3,5 metro zabal dan bide batek zolata oso hondatuta dauka tarte batzuetan, arrakaluta eta apurtuta be bai. Egingo diran jardueren artean dagoz hormigoizko lauza saneatzea, arekak garbitzea, drainatzea hobetzea, arketak erabarritu eta lurreko ezpondari egonkortasuna emon, zorua prestau eta asfaltatzea.
Gallibiker bidean, Arratzuko mugaraino doan zatian egingo dira lanak. 405 metro luze eta 3,5 metro zabal dan bidea. Tarte horretan, konserbazino-baldintza hobeetan, lan hauek egingo dira: zorua prestau, arekak garbitzea, drainatzea hobetzea, urak errepidetik igaro ez daitezan, eta asfaltatzea.
Konponketa-lanak urrian hasiko dira, eta hiru hilabeteko epea daukee gauzatzeko. Obrek dirauten bitartean trafikoa eten beharko da. Ekonomiari dagokionez, lanak 169.218,50 eurotan esleitu jakoz Asfaltos Olarra enpresari, eta udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren 60.000 euroko dirulaguntza kudeatu dau.
