- Ekimen honen helburua da Bermeoko 50 eta 74 urte bitarteko biztanleen parte-hartzea areagotzea Osakidetzaren kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko programan.
- Programa honen tokiko partaidetza-tasa altua da, % 69koa 2023an. Hala ere, Minbiziaren Aurkako Elkarteak, Bermeoko Udalak eta Osakidetzak datozen urteetan % 100eko partaidetza lortzeko erronka planteatzen dute Bermeon.
Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak, Bermeoko Udalak eta Osakidetzak kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko proba egitera animatu dituzte 50 eta 74 urte bitarteko herritarrak. Osakidetzak minbizi mota hori prebenitzeko daukan kanpainaren barruan kokatzen da ekimena, eta Bermeon atzo hasi ziren.
Egin ezazu testa, kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko kanpainak herritarrak animatu nahi ditu kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko —gorozkietan ezkutatutako odolaren testa— proba egitera. Ildo horretan, Minbiziaren Aurkako Elkartea tokiko hainbat eragilerekin harremanetan jarri da (farmaziak, dendak, elkarteak, eta abar), kanpaina zabaltzeari begira laguntza eskatzeko, eta proba egiteari lotuta parte-hartze handiagoa lortzeko. “Osakidetzak jasotako azken datuen arabera, 2023an, 50 eta 69 urte bitarteko biztanleriaren % 69,29k egin zuen proba Bermeon. Kasuen % 4,66 positiboak izan ziren”, zehaztu du Oihana Urrazak, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko lurralde-garapeneko arduradunak.
