Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzak (UNAOC), Gernika-Lumoko Udalak eta Religions for Peacek (RfP) indarrak batu dituzte “Bakearen, Gerren Amaieraren eta Nazioarteko Legezkotasunaren Errespetuaren aldeko Oihua” egiteko. Ekintza horren helburua gerraren aurkako gaitzespena zabaltzea da, eta, aldi berean, bake-mezua sustatzea eta nazioarteko zuzenbidearen errespetua defendatzea.
Ekimena gaur aurkeztu da foru hiribilduko udaletxean, Miguel Ángel Moratinos, UNAOCeko idazkari nagusiaren albokoa eta goi-ordezkaria, eta Gernika-Lumoko alkatea, José María Gorroño, bertan direla; 2025eko apirilaren 25etik 26ra ospatuko da Gernika-Lumon, Espainian, gerraren izugarrikerien eta bake espiritu iraunkorraren sinbolo unibertsal bihurtu den hirian. Hiriaren bonbardaketa historikoaren 88. urteurrenarekin bat egiteko programatuta, aurkezpen-ekitaldia une solemne eta itxaropentsua izango da iraganari buruz hausnartzeko eta, aldi berean, bakearen aldeko deialdi global berritua zabaltzeko.
Bi egun iraungo duen ekitaldia apirilaren 25ean hasiko da, Lizeo Antzokian egingo diren mahai-inguruekin. Bertan, buruzagi erlijiosoek, eragile erlijiosoek eta gizarte zibileko ordezkariek hartuko dute parte, eta, ondoren, “Why War” Amos Gitai zinemagile ospetsuaren filma proiektatuko da.
Apirilaren 26an, Jai Alai frontoian, goi-mailako irekiera ekitaldia eta “Bakearen aldeko oihua” ekimenaren zabalkunde ofiziala egingo dira. Bertan, Miguel Ángel Moratinos, UNAOCeko idazkari nagusiaren albokoa eta goi-ordezkaria eta Francis Kuria RfP-ko idazkari nagusia izango dira. Ekitaldian gobernuko agintariak, gazte liderrak, kirol munduko pertsona ospetsuak eta mundu akademikoko, gizarte zibileko eta gizarteko sektore guztietako ordezkariak bilduko dira. Eta amaitzeko, bonbardaketaren biktimei omenaldi sinbolikoa egingo zaie eta Gernika-Lumoko Hilerrian lore eskaintza egingo da.
