

Iturria: Irekia
- Izapidea maiatzera arte luzatuko da, eta behin-behineko ebazpen batek ezarriko ditu datorren astean hasiko den kanpainarako eguneko kuotak
Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak sektorearekin batera lan egingo du sektoreak, arrantzako ekoizle-antolakundeek eta Kantauriko autonomia-erkidegoek, horien artean Euskadik, planteatutako antxoaren kupoen proposamenak maiatzean argitaratuko den ministro-agindu batean jasotzeko. Behin-behineko ebazpen batek ezarriko ditu datorren astean hasiko den kanpainarako eguneko kuotak.
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari eskatu zion antxoaren kupo-sistema bat ezartzeko euskal ontzientzat. “Antxoari dagokionez, Euskadin, Kantauriko inguruko beste autonomia-erkidego batzuetan bezala, gaur egungoa ez bezalako arrantza-kupoen sistema bat nahi dugu. Halaxe jakinarazi nion Planas ministroari orain dela egun batzuk Madrilen”.
Ministerioak penintsularen iparraldeko autonomia-erkidegoekin eta ekoizle-antolakundeekin gaur egin duen eta Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantzako sailburuordeak parte hartu duen bileran Kantauriko antolakundeek proposamen bat aurkeztu dute “antxoaren kuota penintsularen iparraldeko arrantza-ekoizleen antolakundeen artean banatzeko: Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria, Galizia eta Asturiasko Arrantza Federazioa”.
Alternatiba
Euskadiko arrantzaleen proposamena, Eusko Jaurlaritzak babestua, arrantza-tokia kudeatzeko gaur egun dagoenaren ordezko sistema batean oinarritzen da. Gaur egun Ministerioak, ebazpen baten bidez, itsasontzi bakoitzeko eguneko harrapaketen mugak ezartzen ditu, eta proposatzen den sistemaren bidez Estatuari dagokion Europako kuota antolakundeen artean birbanatzen da. Antolakunde horiek euren buruak antolatuko lituzkete eta euren arauak ezarriko lituzkete elkarkideentzat, horrela, euren ontziek Espainiako kuotaren ehunekoaren barruan egin ahal izango dituzten guztizko harrapaketak zein izango diren jakiteak ematen duen lasaitasunarekin.