Irailaren 27ra arte egongo da zabalik, eta kostaldeko emakumeen eguneroko eta funtsezko lana aldarrikatzen dau, historian zehar ikusezin bihurtu diran objektuen eta testigantzen bidez.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Arrantzaleen Museoan ikusgai egongo da, datorren irailaren 27ra arte, Olatuaren enbatean. Emakumeak eta itsasoa XX. mendean erakusketa. Aurkezpenean egon da Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua, Amaia Apraiz eta Asier Romero Andonegi komisariogaz batera.
Leixuri Arrizabalagak azaldu dauenez, “Orain arte, itsas historia gizonezkoen begiradatik baino ez da kontatu. Protagonismoa arrantzalearen irudian oinarritu da, eta bigarren maila batean itxi dau, emakumeen ekarpena erabat ikusezin bihurtzen ez badau be. Halanda be, emakumearen figura funtsezkoa izan da sektore honetan be. Hori dala eta, ez dago Arrantzaleen Museoa baino leku hoberik itsas historiaren ikuspegi femeninoa jasotzeko.”
Itsas historiak, tradizinoz, arrantzalearen figura izan dau ardatz, baina erakusketa honek itsas historiari buruzko beste begirada bat proposatzen dau, emakumeen funtsezko lana aldarrikatzeko, haiek be, askotariko zereginen bidez, arrantza-industria ahalbidetu eta hari eutsi baitzioten. XX. mendean portuak modernizau eta kontserbagintza industrializau zan, eta, testuinguru horretan, emakumeek askotariko zereginak bete ebezen. Neskatilak eta saregile, kontserbagintzako langile, paketatzaile eta armadore emakumezkoak funtsezkoak dira ekoizpen-katean eta kostaldeko bizitzan.
Eguneroko objektuen bidez -orratzak, sareak, saskiak eta etiketak-, erakusketak narratiba historiko oso bat berreskuratu dau, eta ikusgai jarri du tradizinoz isilarazi egin dan ezinbesteko eskulanaren memoria.
Aretoaren erdiguneari agora baten itxura emon jako, eta protagonista ikusezin horreen ahotsak eta esperientziak entzutera gonbidatzen gaitu; erdi-erdian instalazino bat dago, «lan-korro» bat irudikatzen dauena aulkiz inguratutako sare-pila baten bidez, portuko jarduera eta talde-alkarrizketak gogora ekartzen dauzen soinu-giro sotil bategaz batera.
Erakusketa arrantza-industriaren balio-katea islatzen daben sei atal handitan egituratzen da: itsasertza eta itxaronaldia, sare eta belen mantentze lanak, portuko logistika, kontserba-fabriketako eraldaketa industriala, kudeaketa ekonomikoa eta familiaren ondarea. Fase horreetako bakoitzean, emakumeen zeregina biziraupenerako eta itsas jardueraren garapenerako funtsezko motor gisa erakusten da.
Olatuaren enbatean. Emakumeak eta itsasoa XX. mendean erakusketak gonbita egiten deusku emakumeek eraikitako kultura-ondareari balioa emoteko eta haien ahalegina eta erresilientzia aitortzeko. Erakusketa Arrantzaleen Museoan egongo da zabalik irailaren 27ra arte, eta aukera emongo deutso jendeari emakumeek itsasoaren eremuan be daukeen zeregin garrantzitsua kontatzen daben istorio eta objektu horreek ezagutzeko.
