- Otsailaren 28an hasi eta martxoaren 8ra bitartean, adin eta gustu guztietarako ekimenak egongo dira aukeran.
- Tabernen Mozorro Lehiaketan parte hartu gura duten tabernariek otsailaren 28ra arte eman dezakete izena.
Bermeo prest dago kolorez eta mozorroz janzteko, eta aratusteei umore onez ongi etorria emateko. Otsailaren 28an hasi eta martxoaren 8ra bitartean, adin guztietako herritarrei zuzendutako ekimenak antolatu dira eta mota askotakoak: Musika, kalejirak, ikuskizunak, jaialdiak, dantzaldiak, tabernen mozorro lehiaketa…
Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak azaldu du, aurten ere, Aratusteen baitan, adin eta gustu guztietarako ekimenak antolatzen saiatu direla, eta aurtengo egitaraua osatzeko, beste behin ere, herriko talde, elkarte eta ikastetxeen lana “ezinbestekoa” izan dela nabarmendu du, eta gaurko prentsaurrekoan ere horietako asko egon dira.
Kanta kanta lorue taldearen kalejirarekin abiatuko dira aurtengo aratusteak, datorren barikuan (otsailak 28). Ohi legez, Goiko Plazan batuko dira, 20:00etan, “umoretsu eta gogotsu”, aratusteei hasiera emateko. Herritar guztiak deitzen dituzte kantu jiran parte hartzera, eta mozorrotuta edo mozorroen osagarri batekin joateko deia egin dute.
Zapatuan, Lantzeko inauterien txanda izango da, Alkartasuna Dantza Taldearen eskutik. Horiekin batera, egongo dira KIETB erraldoi txiki konpartsakoak eta Tiriki Trauki fanfarreakoak. 12:30etik aurrera, herriko kaleak kolorez, dantzaz eta musikaz beteko dituzte. Gizarte eta Kultura Etxean hasiko dute kalejira eta Lameran amaituko dute Miel Otxin erretzeko. Herritar guztiak gonbidatu dituzte Lantzeko inauterietan parte hartzera.
Coro Maikako kideak ere zapatua girotzera aterako dira kalera; Goiko Plazan jarri dute hitzordua 12:30ean. Handik abiatuko dute Aratusteetako kalejira, eta kalez kale ibiliko dira herriko txoko desberdinak euren kantuekin girotzen.
Aratusteetan ohikoak diren tostada txapelketak ere ez dira faltako. Batetik, astelehenean, Demiku Jubilatuen Elkarteak antolatutakoa egongo da 18:00etatik aurrera, Gizarte eta Kultura Etxean daukaten lokalean. Tostada txapelketaz gain, musikarekin girotuta, mozorro txapelketa ere izango dute. Hartara, lagun artean giro onean Aratusteetaz gozatzeko aukera izango dute. Hurrengo egunean, martitzenean, Erroxape Emakumeen Elkartean egingo dute tostada txapelketa; 18:30etan jarri dute hitzordua, elkarteak Erretenen duen lokalean. Arratsalde pasa ederra izango dute Erroxape Emakumeen Elkartearen lokalean bertan.