Bisitaldi gidatuen jasangarritasuna bermatzeko eta espazio publikoaren saturazioa saihesteko neurriak dituen dokumentu bat bultzatu gura du
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak ekimen bat jarri du abian hirian bisita gidatuen jarduera arautzeko eta turisten eta egoiliarren arteko bizikidetza bermatzeko.
Horretarako ‘Gernika-Lumoko Bide Publikoan Bisita Gidatuak egiteko Jardunbide Egokien Eskuliburua’ argitaratuko du turismo-gidarien enpresekin, sektoreko elkarteekin eta Euskadiko harreragileekin lankidetzan. Aste Santurako eskuragarri egongo da euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
Haren helburua argia da: jasangarritasuna sustatzea tokiko turismo-sektorean eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) ezarpena indartzea herrian. “Gernika-Lumo kalitatezko helmuga izatea nahi dugu, jarduera turistikoek udalerriaren nortasuna errespeta dezaten eta bisitatzen gaituztenen esperientzia hobea izan dadin”, Nerea Revuelta Turismoko zinegotziaren esanetan.
Talde txikiak eta zarata gutxiago
Dokumentuak zenbait konpromiso proposatzen ditu turismo-operadoreentzat. Neurri nabarmenen artean, talde bakoitzeko parte-hartzaileen kopurua mugatzea dago, gehienez ere 30 pertsona. Arau honen helburua da jende-pilaketak saihestea eta gidatutako zerbitzuaren kalitatea hobetzea. Era berean, kutsadura akustikoa murriztea gomendatzen da, soinu-anplifikadoreak erabiltzea debekatuz eta erradiogiden erabilera sustatuz.
Azalpenak emateko geldialdiak egoiliarrei eta merkatariei ahalik eta eragozpen gutxien sortzen dizkieten puntu estrategikoetan egin beharko dira. Horrez gain, bisiten hasiera-eta amaiera-puntuak behar bezala hautatzea ere proposatzen da, eraikinetarako edo merkataritza-establezimenduetarako sarbideetan blokeoak saihesteko. Gainera, zirkulazio-arauak betetzea azpimarratzen da, bereziki bilketa-puntuetan eta bidaiarien jaitsieran.