Urdaibai Biosfera Erreserbak 2025-2029 aldirako Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren (TJEG) akreditazioa berritu du, EUROPARC Federazioaren kanpo-auditoria prozesua arrakastaz gainditu ondoren. EUROPARC Europako parke eta erreserba naturalen sarea da, eta natura zein kultura ondarearen jasangarritasuna, lankidetza eta kontserbazioa bultzatzen ditu.
Ebaluazio-bisita 2025eko ekainaren 3tik 5era bitartean egin zen, eta EUROPARCen ordezkaritzak eskualdeko hainbat gune bisitatu zituen, TJEGren Foro Iraunkorreko eragileekin eta II. zein III. faseetan atxikitako erakundeen ordezkariekin bilduz, 2020-2024 aldian garatutako ekintzak eta datozen bost urteetarako ezarritako konpromiso berriak zuzenean ezagutzeko.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren mendeko Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak koordinatu dute prozesua. Akreditazioaren berritzeak aintzat hartzen du administrazioek, enpresek eta toki-erakundeek turismo jasangarri, parte-hartzaile eta inklusiboaren alde elkarrekin egindako lana.
Berriztapen horrekin, Urdaibaik Europako erreferente gisa duen eginkizuna sendotu du jasangarritasunaren eta turismo-kudeaketa arduratsuaren arloetan, tokiko balioa sortzen duen, ingurumen-hezkuntza sustatzen duen eta herritarren zein turismo-sektorearen inplikazio aktiboa bultzatzen duen garapen-ereduarekiko konpromisoa berretsiz.
EUROPARCen Batzordearen ebaluazioak “tokiko bazkide eta interesdun ugarirekin lankidetzan garatutako turismo-garapen jasangarriko prozesu jarraitua” nabarmendu du. Era berean, 2025-2029 aldirako Ekintza Plan berriaren sendotasuna goraipatu du. Plan hori TJEGren Foro Iraunkorrarekin adostu da, lurraldeko 45 erakunde publiko eta pribatu baino gehiagok osatzen duten organoa.
Gomendioen artean, Batzordeak azpimarratu du garrantzitsua dela Europako gune babestuen arteko lankidetza indartzea, baita lurraldeko eragileak turismo-kudeaketa jasangarrian gehiago inplikatzea ere.
Akreditazioaren banaketa ofiziala 2025eko azaroaren 19an egingo da Europako Parlamentuan (Bruselan), Europako beste naturgune bereizi batzuekin batera. Gaur egun, TJEGren sareak 93 gune akreditatu biltzen ditu Europako 14 herrialdetan, baita 1.399 enpresa eta 30 bidaia-agentzia ere.
Estatu mailan, 29 naturgune babestuk dute ziurtagiri hori, eta guztira 631 enpresa eta 21 bidaia-agentzia daude atxikita. Urdaibai da gaur egun Europako egiaztapen hori duen Euskadiko naturagune babestu bakarra.
Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari buruz
EUROPARC Federazioak sustatutako borondatezko ekimena da CETS, eta naturgune babestuetan turismoaren kudeaketa hobetzea du helburu, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik jasangarritasuna bermatuz. Hiru fasetan egituratzen da:
- I. fasea: eremu babestua helmugaren kudeatzaile gisa egiaztatzeko.
- II. fasea: Gutunaren printzipioekin konprometitutako turismo-en presak atxikitzeko aukera ematen duena.
- III. fasea: beren eskaintzan helmugaren jasangarritasunarekin koherenteak diren esperientziak txertatzen dituzten bidaia-agentzientzat.
Sistema horrek aintzat hartzen du kudeatzaileek, enpresek eta tokiko komunitateak elkarrekin egiten duten ahalegina, turismo arduratsuagoa, parte-hartzaileagoa eta kalitate handiagokoa bultzatzeko.
