

Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoaren (EPE) barruan, herritarrek parte hartzeko prozesua hasi da, Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean dagoen galdetegi baten bidez. Otsailaren 19ra arte egongo da irekita prozesua. Hala, herritarrak plana prestatzeko prozesuan sartuko dira, EPEren (Lehentasunezko jarduera-eremuetako eskualdeko plan estrategikoak) metodologian jasotzen den bezala.
Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoa Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta eskualdeko hogei udalek sustatzen dute: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Murueta, Muxika, Mundaka, Nabarniz eta Sukarrieta. Planak eskualdean bizi diren pertsonen lehiakortasun ekonomikoa eta bizi-kalitatea hobetuko duten trakzio-proiektuak identifikatu eta garatuko ditu. Eskualdea bere osotasunean eraldatzeko gaitasun handia eta garapen sozioekonomikoan eragin handia duten proiektuak, hain zuzen ere.