

- Urremendi Landa Garapenen Alkarteak bultzatutako eta Europar Batasunak finantzatutako proiektua (NextGenerationEU funtsak) datozen sei hilabeteetan luzatuko da, eta gunea espazio irisgarriago eta
jasangarriago bihurtuko da mundakarrentzat eta herria bisitatzen dabenentzat.
Urremendi Landa Garapenen Elkarteak irailean jarri dauz martxan tren-geltokiaren eta Mundakako gune turistikoaren arteko oinezkoentzako konektibidadea hobetzeko lanak. Jarduera estrategiko horrek herri ardatz hori eraldatuko dau, herritarren eta bisitarien eguneroko bizitzarako funtsezkoa dan espazioa.
971.258 euroko inbersinoagaz, ibilbide irisgarri, seguru eta jasangarri bat sortzea ahalbidetuko dau proiektuak, udalerriko bi espazio neuralgikoren arteko zirkulazinoa erraztuko dauena.
Obrak egiteko sei hilabeteko epea izango dau, eta ingurunea urbanizatzea, irisgarritasuna hobetzea, hiriguneko trafikoa murriztea eta mugikortasun garbia sustatuko dauen ibilbide bat sortzea aurreikusten da, trenbideko garraioagaz zuzenean lotuz eta bizikleta edo oinezko joan-etorriak bezalako alternatibak indartuz.
Dimensino praktikoaz gain, jarduerak ingurumen eta kultura-izaera nabarmena dau.
Helburu nagusia ibilgailu pribatuko joan-etorriak murriztea eta garraio publikoaren erabilera sustatzea da, eskualdean bultzatutako turismo jasangarriaren ereduagaz bat etorriz. Azpiegitura barriak berotegi-efektuko gasen emisinoak murrizten be lagunduko dau, eta esperientzia atseginagoa eta irisgarriagoa bultzatuko dau mundakarrentzat eta bisitarientzat.
Esku-hartzearen barruan sartzen da, halaber, disuasio-aparkaleku bat sortzea, herrigunean zarata eta kutsadura murrizten lagunduko dauena, zirkulazinoa gune sentikorrenetatik desbideratuz eta oinezkoentzako eta bizikletentzako azpiegitura bat eginez, ibilbidea kutsatzen ez daben bitartekoen bidez jarraitzeko aukera eskainiz.
Aldi berean, geltokiaren inguruan jardungo da, Urdaibaiko Biosfera Erreserba bisitatzen dabenen helmuga-puntu garrantzitsua baita, bai eta porturako ibilbidean be, gaur egun ibilgailuen, trafiko-altzarien eta oinezkoen esperientzia degradatzen daben oztopo arkitektonikoak dagozelako. Lanek sarbide hori berreskuratzeko eta duintzeko aukera emongo dabe, paisaia, mugikortasuna eta herri-ondarea integratuaz.
Lanak irailaren erdialdean hasi ziran, Urdaibaiko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren barruan, eta eskualdea iraunkortasunean, irisgarritasunean eta ingurumena errespetatzen dauen mugikortasunean erreferentziazko lurralde gisa sendotzea dauko helburu.